XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) ustez ihes egiteko gizabanakoak erabiltzen dituen bi modu baitira.

Masokismoak norbere buruari ematen dio tratu txarra.

Sadismoak, besteei ematen die tratu txarra, ez sadikoak inor sufritzen ikusita gozatzen duelako, baizik eta domeinuaren ariketa bere burubaieztapen-era delako.

Sadismoa botere-nahimenaren adierazpen garbia baina erresumindua da: inor ukatuz eta suntsituz goratzen den nahimena, Nietzschek primeran azaldu zuenez.

Sadismoa eta masokismoa giza oinarri beretik abiatzen dira: alde batetik, dena aurredeterminaturik dagoen eta nia baino handiagoa den zerbaiten izenean obra behar den sinestetik, eta bestetik, ezintasun indibidualaren sentimendu ikaragarri batetik.

Erdi-klase apalak oso berea duen inorentzat ezer ez izatearen eta inor ez izatearen sentimendu hori.

Hitlerrek berak Mein Kampf-en inor ez izatea edo ezezaguna izatea egozten dio bere buruari.

Izan ere halaxe zen: Reich-az kanpo jaiotako bat, guztiek alboratu eta baztertua, ez hainbeste gizarte-ikuspuntutik, baina bai nazionaletik.

Giza oinarri hori, eta euskarri duen ideologia dira, Frommen iritziz, nazismoa ahalbidetu zutenak.

Izan ere, nazionalsozialismoak gizabanakoaren ezabapena predikatzen baitzuen nazioaren ahalmen nagusian, gizabanakoa guztiaren menpe jartzea.

Autoritarismoak bakarrik ez ditu deusezten, hitzaren zentzu osoenean, zapaltzaile eta zapalduak; demokrazia bera ere sail aproposa da gizabanakoaren kaskartasuna eta ezintasuna garatzeko.

Nahiz eta demokraziarekin eskubide indibidualak garatzen diren, demokrazian ez da benetako indibidualismoa lortu, nia sendotzen duen eta guztiarekiko orijinal eta diferente egiten duen indibidualismo hori.

Kontua ez da horren errua sistema demokratikoari botatzea, baizik eta demokrazien ezaugarri den hezkuntzaren baitan dauden joeren sail oso bati.

Hezkuntza horrek bakarra orokorrari sakrifikatzen dio, banakoaren sentimendu eta emozioak gaitzetsiz.

Horrela, tragikoaren zentzua galdu ez ezik, ez dago pentsamendu orijinala loratzeko modurik.

Hezkuntza horrek, bestalde, ez du inolako eragozpenik gertakarien metaketa eta informazio desantolatuak onartzeko, egituratu eta ordenatuko dituen inolako teoriarik gabe.

Askatasunaren izenean, egia oro erlatiboa dela onartzen da eta ez dira bereizten baliogabea eta balioduna.

Eszeptizismoa eta zinismoarentzako lur ongarritua.

Sistema horen barruan, esango du Frommek, norberak uste du badakiela zer nahi duen, baina, izatez, ustez desiratu beharrekoa bakarrik desiratzen du.